XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Eta traktoreari esker, zeren, iraultzeko arriskua bazuen ere, edozein moetatako lurrean gora igotzeko gauza bait zen, Gracia pasealekuaren azken-azkeneraino sartu ziren.

Han, agian etxe bajuxeagoak egon zirelako, metroko sarrera garbi zegoen.

Sartu egin ziren baina azkar asko irten ziren berriro, zenbait lekutan gorpuz gainezka zeuden iraganbideak kutsatzen zituen ustel hatsetik ihesi.

Txartel banatzailearen gorputza, osorik geratutako bere garitako kristalaren kontra erorita zegoen.

Kanpora irten ondoren, Catalunya plazaraino jarraitu zuten.

Hemen ez zegoen hondakinik erdigunean.

Zuhaitz hil edo bizien azpian, batzuk oraindik berde bait zeuden, ilaran jarritako aulkietan eskeletu zarpailtsu piloa zegoen handikiro eserita.

Hantxe erantzun zion Albak behin betirako, Didacek aurreko gauean egin zion galderari: - Ez, ez gara hemen geldituko.

Eta Rambletako sarreran hondakin hesia traktorea gainetik pasatzeko garaiegia zenez, atzera pasealekuan gora abiatu ziren.

Lurpeko aparkaleku baten ahoa topatu zuten eta ibilgailuarekin jeitsi ahal izan ziren bertara.

Ilaran jarritako kotxez beterik zegoen eta zazpi edo zortzi bat gorpu bakarrik ikusi zituzten, tokiak heriotz usaina edukitzeko gutxiegi.

Gainera haize korrontea zegoen bertan.

Kotxeen artean jeep bat aurkitu zuten, gurpil trinkoduna, eta gaizki ez zitzaiela etorriko iruditu zitzaion Albali bapatean; beraz, motorreko elkarketak berrezartzen aritu behar izan zuen Didacek berriz ere, kotxea ibiltzeko moduan jartzeko.

Oraingoan azkarrago ibili zen eta handik bi ordutara atzera bueltan zihoazen roulottea zain zeukaten tokira.